XVI. mendeko Gipuzkoara bidaia Loiolako San Ignazioren lorratza jarraituta

 

Ezkioko San Migel Goiaingeruaren parrokia eta erretaula

Ezkioko parrokia XIV. mendekoa da. Ate gotikoa du, eta hiru nabe, erdi-puntuko arkuekin.

Parrokia honek XVI. mendearen hasierako erretaula errenazentista du. Erretaulak bankoa, hiru gorputz, hiru kale eta hauts-babesa ditu. Erretaula zokalo baten gainean dago. Bankoaren erdialdean ekisaindua dago. Alde batean eta bestean Pasioaren bi erliebe ikus ditzakegu: Zigorraldia eta Gurutzerako Bidea.

Lehenengo gorputzak San Migelen irudia du erdialdean. Bi aldeetan goiangeruari erreferentzia egiten dioten bi erliebe daude, eta horietan Gargano mendian izandako agerraldia eta goiangeruak Satanekin izandako borroka islatzen dira.

Bigarren gorputzean, erdialdean, Ama Birjinaren irudia dugu, aingeruek inguratuta eta koroatuta. Gorputz honen kaleetan erliebe hauek azaltzen zaizkigu:Deikundea eta Artzainen Adorazioa edo Gurtza.

Hirugarren gorputzean, erdialdean Kalbarioa dugu, eta erliebeak honako hauek dira: Jaunaren Piztuera eta Ehorzketa Santua.

Ez dago obra honi buruzko dokumentaziorik, eta Ezkiori buruzko erreferentziarik ere ez dute aurkitu Gipuzkoako arteari buruzko liburu edo idatzietan.

Beste zenbait gipuzkoar erretaularekin egindako konparazio-azterketak ezin izan du argitu zein maisuk gauzatu zuen erretaula.

FaLang translation system by Faboba

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.