XVI. mendeko Gipuzkoara bidaia Loiolako San Ignazioren lorratza jarraituta

 

San Pedroren parrokia (Bergara)

San Pedroren parrokiako aldare nagusia XVI. mendeko lehen erdian egin zen, baina tailen aniztasuna dela eta, bi garai ezberdinetan burutu zela baieztatu da. Lehenengo, hiru gorputzeko goiko aldea, eta beranduxeago, predela.

Goiko zatiak bost kaleetan banatzen diren hiru gorputz eta atikoa ditu. Lehenengo gorputzeko horma-konketan bere atributua azaltzen duen apostolu bana dago. San Pedro erdiko kalean, bere ezkerrera San Pablo eta Santiago, eta eskuinaldean San Andres eta San Bartolome.

Bigarren gorputzeko erdiko horma-konkan XVI. mende ostean egin zen San Rokeren irudia dugu, aldamenetan lau diakono dituela. Hirugarren gorputzean pasioaren gertaldiak irudikatzen dira, eta gorputz honen gainean, kalbarioko taldea dago. Erretaula guztian platereskoan oikoak ziren apaindurak ikus daitezke, besteak beste maskorrak eta gruteskoak.

Predeleko lau ebanjelistak indibidualki aurkezten dira, bakoitza nitxo batean, beraien idaztokien eszena naturalak agertzen dizkiguten aldiunekoetan.

Erretaula lantzen parte hartu zuten bi artisten estiloen ezberdintasunak oso argiak dira. Alde batetik, estilo gotikoaren eragina argia da erretaularen goiko zatian, eta egilea, ziurrenik, Juan de Gante izan zen. Bestalde, berpizkundearen distira ikusgarria da predeleko irudietan, hauek, ustez, Juan de Ayalaren lanak.

FaLang translation system by Faboba

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.