San Ignazio bere lurraldean

Jesusen Lagundiaren sortzaile eta euskaldun unibertsalena den Loiolako Iñigo Azpeitian jaio zen, 1491ean. Bere haurtzaroa egungo "Etxe Santu" edo Loiolatarren dorretxean, eta Egibar baserrian eman zuen, Maria Garin bere inudearen etxea zen azken hau.Baserri hori ere bisitatu daiteke gaur egun, Ingurugiro Etxea baitago bertan. Etxe Santua Santutegiaren barruan dago, elizaren aldamenean. Horma sendoak ditu beheko solairuetan eta adreiluz egindako mudejar estiloko dekorazio dotorea goikoetan. Oñaz-Loiolatarren eguneroko bizimodua nolakoa zen ikus dezakegu bertan.

13 anai-arrebetatik gazteena zen Iñigo Loiolakoa. Familia boteretsua zen eta harreman onak zituen. Bere esku zuen Azpeitiko parrokiko patronatua. Gaztelako Diruzain Handiak bere semeetako bat bidaltzeko eskatu zion Loiolako jaunari, bere etxean semetzat hartzeko. Iñigo izan zen hautatua eta 1505ean Arevalora joan zen. Han igaro zuen gaztaroa, 1517. urtea arte. Handik aurrera, gorte eta jauregiko gizona izan zen. Gero, Nafarroako Erregeordearen zerbitzura egon zen. Najera hartzen lagundu zuen eta Erregeordeak bake-misioa ere eman zion Gipuzkoan. 1521ean zauritu egin zuten Iruñeko gotorlekuan eta huraxe izan zen bere bihurtzeko prozesuaren abiapuntua. Loiolan egin zuen susperraldi luzea aproposa izan zen ikasi eta hausnartzeko eta hantxe ekin zion San Ignaziok kristau bideari.

Arantzazuko eta Montserrateko santutegietatik igaro ondoren Lur Santura joan zen erromes, eta gero, Bartzelonan, Alcalan eta Parisen ikasi zuen. 12 urte eman zituen unibertsitatean ikasten. 1535ean, Paris utzi eta Loiolara itzuli zen isilean familia bisitatzera. Baina ez zuen ostatu hartu bere familiaren luxuzko etxean, Azpeitiko Madalenako ospitalean baizik. Egonaldi labur hartan, Elosiagako Andre Mariaren ermitan predikatu zuen aranondo batera igota eta baita Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian ere. Hantxe dago bere bataiarria, eta baita bisita merezi duen altxor bat ere: Bakardadearen Kapera.
Loiolako Santutegiaren inguruan dago XIII. mendean eraikitako Olazko ermita. Ermitaren barruan, San Ignaziok debozio berezia zion Olazko Ama Birjinaren irudi ederra dago.

Azpeitiko ignaziotar lekuak ezagutu ondoren, handik gertu dagoen Azkoitia bisitatzeak merezi du. Bertan, San Ignazioren bizitzari lotutako beste bi leku interesgarri aurki ditzake bisitariak: Balda Dorrea eta Ama Birjinaren Jasokundearen parrokia.

FaLang translation system by Faboba

Multimedia

Sorlekuaren ingurukoak

Urola Erdia

 

Loiola APP

logo-app-loiola app-logo-android app-logo-apple

Ezkutuko Altxorrak - datozen ekitaldiak:

No hay próximos eventos!