Azpeitiko parrokia hau, hasiera batean zentro tenplario bat izan zela uste da. Eliza, gaur ikusten dugun bezala, XVI. eta XVII. mendeetan eraldatu zen. Orduan egin ziren erretaula, koruko eskailera, sakristia, organoa...
XVIII. mendean, aurrealde platereskoari elizpea erantsi zitzaion. Elizpea garaipenaren arku erromatarraren antzekoa da. Kanpandorrea, kapitel batekin bukatua, elizaren zatirik zaharrenetakoa da, erdi arokoa izan daiteke hain zuzen.
Barrualdean, Aldare nagusiko erretaula barrokoa nabarmentzen da, baita koroaren azpian dagoen San Ignazioren bataiarria. Elizak dituen zortzi kaperak ere aipatzekoak dira, baina bat nabarmentzen da: Bakardadearen Kapera.
Bakardadearen Kapera
Bakardadearen Kapera Nicolas Saez de Elolaren erabakiz eraiki zen. Nicolas bera Pizarroren laguntzaile izan zen Peruko konkistan. Bere kapitainetako bat izan zen hain zuzen ere.
1553.urtean egindako testamenduan erabakitakoa jarraitzeko, enkante publikoa egin zen, obrak nork egin erabakitzeko.
Kapera, bere osotasunean, bai arkitekturan, bai apaingarrietan, errenazimendu klasiko bezala ezagutzen den estilokoa da. Lau zati ditu:
- Lehenengoan, Nicolas Saez de Elolaren mausoleoa dago.
- Bigarrenean, aldarea aurkitzen da. Garai batean erretaula zegoen lekuan, gaur Jesús Gurutziltatua, Andre Maria eta San Juanen irudiak daude.
- Hirugarrenean, "grisallaz" margoturiko horma ikus dezakegu. Sextina kaperan dagoen Migel Angelen "azken judizioa"ren antzekoa irudikatzen du. Irudi honek balio berezia du, Migel Angelek bere lana egin eta denbora gutxira egin baitzen. Zoritxarrez, 1898.urtean, aldare bat jartzeko egin ziren lanetan, irudiaren erdialdea galdu zen.
- Laugarrenean, kaperaren korua dugu. Korupean erliebeak ikus ditzakegu. Horietako irudi bat emakume bat izar batekin litzateke, Andre Maria edo Venus Jainkosa. Bestea, berriz, Hercules edo Kristoa izango litzateke.
Kaperak kasetoidun kupula bat du erdian irekidura batekin, errenazimendu estilokoa da bere osotasunean, eta Erromako Panteoiaren eredua jarraitzen du.
Kupula lau petxinetan sostenganatzen da, eta hauetan lau ebanjelisten irudiak agertzen dira.
2002.urtean hasi ziren zaharberritze lanetan, indusketa arkeologikoetan, garai ezberdinetan lurperatutako eskeletoak aurkitu zituzten, baita kanpai bat egiteko moldearen aztarna ere. Kaperaren erdialdean ikus daitezke.