Sancti Spiritus Unibertsitateko eraikineko kaperan dago XVI. mendeko maisulana. Kaperaren atzealdetik, korua dagoen lekutik, zuzenean ekitaldi-aretora daraman ate batetik sartuko gara. Erretaula nahiko handia da eta egitura onekoa. Batzuen ustetan Pierres Picart artistaren lana da, izan ere, Pierres Picart San Migel Parrokiako Pietatearen erretaulan ere parte hartu zuen.
Sotobankua, lau gorputz eta atikoa ditu. Plateresko arteari badagokio ere, bere estiloa manieristara asko hurbiltzen da, gehienbat atikoaren antolamendua. Honek ez gaitu harritzen, zeren eta Berrugete, Picarten eragina izan zuen maisua, manierismorantz lehen hurbilketatzat hartzen da.
Erdiko kalean San Migel, Espiritu Santuaren Etorrera eta Amabirjinaren Jasokundearen irudiak ditugu, On Rodrigoren armarria eta Aita Santuaren goi-erliebe bat.