Halere, XVI. mendearen bigarren erdialdean, eraikinaren itxura sendoa baretu nahi izan zuten eta bere angeluetako batean, familiaren armarriaren gainean, dotoreki apaindutako balkoi bat zabaldu zen. Horrela, balkoia eta armarria konbinatuz, dorretxeari jauregi itxura ematea lortu zuten, berpizkundeko estetika jarraituz. Beraz, ikusten duguna zera da, aldamenetan bi lehoi dituen armarri baten gainean balkoi bat eta oso funtzionala ez baldin bada ere, efektu handia ematen dio eraikinari. Alboetan pilastra joniko bikoitzak eta hauen gainean, linea eslaiez apaindutako arkitrabe bat, apaingarri gabeko friso bat eta bost mentsulek eusten duten molduradun erlaitza. Eta guztiaren gainean izkinara moldatzeko erditik tolestuta dagoen frontoi bat, emakume baten burua erdian eta inguruan hainbat kutxa eta dragoi.
Balkoi hau Leon edo Extremadurako izkina balkoiekin konparatu daiteke eta dudarik gabe, esan genezake, lan hau aipagarria dela bere egituragatik, dituen apaingarrien aberastasunagatik eta bere egilearen trebetasunagatik, mentsula, pilastra eta flameroak deformatu egiten dituelako errealitateak baino perspektiba joko handiagoa emateko eta ikuslearengan eragin handiagoa lortu ahal izateko lana lurretik begiratzerakoan.
Azken azterketen arabera, badirudi Pedro Ibarra maisuaren lana dela.