Loiolako Santutegitik oso gertu dagoen XIII mendeko kapera txiki bezain ikusgarri batek gordetzen du Olazko Ama Birjinaren irudi mirestua. Azpeitiko ermitarik zaharrena ingurune paregabean dago, eta bailara osoa ikusteko aukera eskaintzen du.
Elizaren ate nagusia erdipuntukoa da eta barruan ganga eta egurrezko koroa dira osagai aipagarrienak. Hala ere, bertako altxorrik preziatuena Ama Birjinaren gotiko estiloko egurrezko taila polikromatua da.
Olazko ermita Loiolatar sendiari oso lotuta egon da mendeetan zehar, herriko alkatearekin batera bertako patroiak baitziren. Antza denez, San Ignacio sarritan etortzen zen bertara errezatzera debozio berezia ziolako Olazko Ama Birjinaren irudi ederrari. Monumentu batek tradizio hau gogorarazten digu: "Aquí rezaba San Ignacio de Loyola a Nuestra Señora de Olatz que está enfrente una Salve". Olazko Ama Birjina 1952ko irailaren 21ean koroatu zuten. Abenduaren 18an, Ama Birjinaren Koroatze egunez ospatzen da Olazko Amaren eguna.
Bestalde, Gipuzkoako Batzarrak egiten ziren ermita honetan. Horren berri ematen du kanpoaldean dagoen probintziako armarria duen marmol zurizko plaka batek:
"XVIIIgarren eunkiaren asiera arte emen bildu zan Guipuzcoako Batzar Berezia"
Plakako idatzia